Larrepetit

Ezin bukatu

2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Zereginak pilatu zaizkit eta biharko artikulua oraindik idatzi gabe», esan diot lagunari; «bukatu arte ezingo naiz ohera joan». Eta ordenagailu aurrean eserita geratu naiz garuna estutuz. Eguneko tituluak irakurri ditut ideiaren bat sustatzeko. Berripaper honetakoak ez ezik, prentsa sentsazionalistan miatu dut, ea neurona bihurriren bat esnatzen zitzaidan. Ezer ez. Errepasatu ditut ohar koadernoak, baina orain arte idatzitako guztia argitaratuta daukat. Twitterren begiratu dut ea solaskideen esaldiekin imajinazioa pizten zaidan. Ez dago ezer pizgarririk; antza denez, denak oheratu dira. Hau desastrea! Esateko ezer ez dudala deskubrituko dute orain irakurleek. Une batean egunkariaren hemeroteka zabaldu dut orrikideren bati kopiatzeko asmoz, baina tentazioa saihestu dut. Hala ere, munduko plagiatzaile guztiei barkatu diet.

Testuaren ikur-kontagailua klikatu... eta erdia baino gehiago idatzi behar oraindik. Udako bekadunari deitzeko zorian nago, ea nola egiten duen berririk gabeko garaian albisteak puzteko. Euskadi Directo-koekin oroitu naiz. Damu naiz programa ez jarraitzeaz. Gogora etorri zait gero txikitan egiten genuen jolasa, silaba bakoitzaren aurrean ti- jarrita hitz egitearena: ti-de-ti-ses-ti-pe-ti-ra-ti-tu-ti-ta-ti-na-ti-go; ti-kon-ti-tra-ti-tu-ti-a-ti-e-ti-ten-ti-go-ti-di-ti-da-ti-te. Baina lotsa eman dit zutabea horrela idazteak.

Berriro kontatu ditut hizkiak zenbat falta zaizkidan ikusteko. Bostehun bat karaktere, oraindik, artikulua osatzeko. Ai amatxomaitia! Zenbat emango nukeen une honetan ume garaiko eskolako zigor hura bete behar izateko: «Idatz ezazu berrehun aldiz: Ez naiz berriro eskolara etorriko lezioa ikasi gabe. Ez naiz berriro eskolara etorriko lezioa ikasi gabe. Ez naiz berriro eskolara etorriko lezioa ikasi gabe». Hori zoriona! Idatzi eta idatzi orri hau betearte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.