Larrepetit

Ez zara guztiz gaiztoa

2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ez zara guztiz zintzoa, baina saiatzen zara zoriontsu izaten. Eta badakizu zoriontsu izateko zintzotasun oinarrizko bat beharrezkoa duzula. Baina, hezur-mamikoa zarenez, zu gaiztoa tartea jaten joaten zaio zintzoari, poliki-poliki, urratsez urrats. Zenbat eta zu zintzoarentzat tarte gutxiago gelditu, zailago duzu gertatzen ari denaz jabetzea, gaiztoaren amarrua zure itsukeria handitzea delako, hark bai baitaki dagoeneko ohartuta zaudela zoriontsu izateko zintzotasun oinarrizko hori behar dela. Begiak lausotuak dituzun bitartean, egoera horretan nahiko eroso bizi zaitezke, ez zarelako guztiz gaizto eta munduak espazio handia uzten dizulako gaiztakerian bizitzeko. Gainera, zu baino gaiztoago eta askoz gaiztoago direnak ere oso ondo bizi direla erakusten dute eta munduaren txaloak jasotzen dituzte maiz.

Denbora bat lausotan daramazunean, ez duzu galdu ondo pasatzeko gaitasuna, aurrekoetan bezala dibertitzen zara, langile ona eta eraginkorra izaten jarraitzen duzu, lagunek ateratzeko deitzen dizute, besteek beti bezala maite zaituzte eta «zer moduz» galdetzen dizutenean, «oso ondo» erantzuten segitzen duzu, gezurrik esan gabe. Hala ere, batzuetan, zerbikalak gogortuak dituzula sumatzen duzu eta gogortzea errazegi bilakatzen dela kontraktura; gehiago kostatzen zaizu lo hartzea eta lehenago esnatzen zara; urdailak matraka ematen dizu, baina zertarako dago ba omeprazola.

Baina espero ez duzun batean, adiskide batek zu gaiztoak hesitu duen itxitura estuan uzkurtuta dagoen zintzoa baino ez du ikusi «adiskide» deitu dizunean. Eta zure ona besterik ez du espero bere onera gonbidatu zaituenean. Eta orduan, une xarmagarria!, lozorrotu zena esnatu da. Supituan. Eta nola eguerdiko itsas brisa egun sargorian, hala zabaldu da leunki zure barrenean.

Zu gaiztoak berriro, poliki-poliki, urratsez urrats, zintzoari tartea kendu artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.