Negu hotz eta motzaren azken asteetan sartzen ari gara. Iaz arabiarrek beren herrietako karrikak hartuz egin zuten gisan, euskal udaberriaren garaia heldu da.
Heldu den asteburuan izanen dugu. Euskararen ofizialtasunaren alde, lurralde elkargo edo instituzio baten alde, Laborantza Ganberaren alde eta berezko unibersitatearen alde, Lapurdi, Baxe Nafarro eta Zuberoako hainbat puntutan eginen diren bide blokatzeak, Batera mugimenduak deiturik. Ekintza sinbolikoa baina fermua era berean, Parisek gure herriari inposatzen dion blokaiaren isla izan nahi duena.
Motorrak berotzeko lehen ariketa izanen da martxoaren 3koa, martxoaren 31n Baionan euskararen alde eginen den Deiadar manifestaldi erraldoiaren lehen entrenamendua.
Tartean, martxoaren 8an, berebiziko bilkura izanen da ere Baionan. Hilabete luzez lanean aritu ondoan, Garapen Kontseilu eta Hautetsien Kontseiluko zuzendaritzek bat eginen dute. Bertan Paueko unibertsitateko ikerlariek instituzionalizazioari buruzko lanaren azken emaitzak emanen dituzte. Hiru aukera zituzten esku artean: gaur egungo egoera mantentzea, Lapurdi, Baxe Nafarro eta Zuberoako udal guztiak bilduko lituzkeen super-egitura sortzea, ala Ipar Euskal Herriari ezagupen instituzionala emango liokeen lurralde elkargoa sortzea. Unibertsitariek egin azken agerraldian argi gelditu zen egungo egoera ez dela mantentzen ahal, pays dispositiboa ahalbidetzen zuen legea aldatu baita. Gainera gizarte eragile ezberdinek Ipar Euskal Herri mailan kudeatu nahi dituzten eskumenak gauzatzeko ahalmenik ez luke. Udalek beren eskumenak delegatuko lituzketen super-egitura, aldiz, kudeaezina litzateke eta udalek ez dute halakorik nahi. Hautu bakarra gelditzen da beraz, Korsikan duten gisako lurralde elkargo baten sortzea, eskumenak eskuratu eta kudeatzen ahalko dituen egitura bakarra.
Horren jakitun, «hautetsi handiak» eta frantses administrazioa urduritzen hasiak dira.
Larrepetit
Euskal udaberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu