Iñigo Aranbarri.

Esplikerrak dio

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Berekin ekarri zuen futbolak jatorrizko hiztegia: gola, penaltia, linierra, kornerra… eta agian ederrena, orsai, gu lako larramendientzat etimologia garbia zuena, hor zai. Horiek guztiak eta gehiago esaten zituen erretransmisio bakarrean irratiko zein telebistako espikerrak, barka, esplikerrak.

Orain, Alemaniako Eurokopa benetan berotzen ari delarik, gertatu behar zuena gertatu da. Bereizi dira behingoz lastoa eta bihia. Eta amaitu zaio esplikerrari izen-abizen ahoskaezinak, inolako interesik ez duten futbolariak aipatu beharra haiek baloia hartzen zuten aldiro. Saiatu, saiatu da, baina egia da hagitzez errazagoa dela «Georgiako zentrala» esatea edo «Serbiako zortzia» deituraz izendatzea baino.

Beti gertatzen den zerbait da, baina zorionez, lehiak berak du jartzen nor bere tokian. Orain, betikoak azken partidetan, lasaiago mintzatuko zaigu. Eta hala aipatuko du urliak ez dakit zer gosaldu duela edo sandiak selekzioko kontzentrazioa utzi duela Londreseko ospitale batera joateko hirugarren umea jaiotzear delako. Horrela eraikitzen da munduari buruz dugun ikuspegia. Besteei ere gertatuko zaie halakorik, baina ezin hasiko gara ahoska ezin ditzakegun kirolarien bizitzaz arduratzen.

Azken beltzean, hauxe baita munduaren orden naturala, mendez mende esplikatzen ari garena. Berez antolatzen baitira elementuak dena hala gerta dadin. Eta futbola ere bada, maila honetan, honetarako bide. Aspaldiko araua da. Ez da kasualitatea final laurdenetan diren zortzi estatuetatik zazpi Berlingo Konferentzian izatea, 1884an Afrika nola banatu erabaki zen mahai hartan. Zortzigarrena guztien bankaria zen.

Berak ez daki, baina hori guztia ere badio esplikerrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.