Bost egun behar izan dituzte UPNk eta PPk «des-haserretzen» direla adosteko. Erraza da: haserreek hor jarraituta ere, zatiketak arrisku handiagoa dakarrela ikusi eta eskuinaren faltsukeria pragmatiko eder horrekin adostu dute UPNk diputatua izango duela, Talde Mistoan baina PPren morroi, behar duen orotan lagundu eta babesteko. Ez didazue esango ez direla artistak. Abertzaleak, berriz, behin eta berriz nabarmentzen badagoela elkarrengandik bereizten dituen txikikeriaren bat. Herria ilusioz gainezka dago, samin handiko sasoia amaitzen ari dela ikusi eta ilusioaren eta itxaropenaren aroa bizitzen. Atzo goizera arte elkarren aurkari gogorren ziruditen batzuek. «Des-haserretzea» lortu dute, pentsatu nahi dut azaroaren 20tik haratago doan pragmatikotasuna baino gehiago den bide bati ekiten.
Baina hara non txikitasunean ere zatiketari eutsi beharra nabarmentzen ageri den bat baino gehiago. Egia da 10 botodun alderdi bat 10 botodun beste batekin batuta, ez dutela ezinbestean 20 boto lortu behar. Sinergiak jende gehiago erakar lezake, baina lehengo boto-emaileren bat uxatzea ere gerta liteke. Bistan da abertzaleen, ezkertiarren artean luzaroago irauten duela haserreak. Haizea alde jartzean ere, ez da falta gogorarazten duenik, «aizue, ez ahaztu haserre gaudela». Eta egia da, eskuinaren hipokresiatik harago, pertsona zintzoek oro har denbora behar izaten dute elkarri egindako minak gainditzeko, denbora ezinbesteko izaten da. Urtea joan da su-etenetik, eta ona litzateke perspektiba hori ez galtzea. Non geunden duela hamabi hil eta non gaur. Baina errezelo eta haserre guztiak eror daitezen denbora behar da, ados.
Pasa dadila denbora. Kontua ez da berehala «des-haserretzea». Baina eskuinak erakusten du zerbait: zerrendako lehena UPNko, bigarrena PPko, eta antzeko kontu pragmatikoak. Espainian Nafarroako bi ordezkari abertzale izateko aukera dago. Batuta joanda ez da erraza izango, bereizita ia ezinezkoa. Hortik aurrerakoak politikarien negozi(azi)oak dira.
Larrepetit
Des-haserretzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu