Azkenaldi honetan nahiko denbora izan dut sakon hausnartzeko. Muturreko egoerek burua nahasten dute, eta askotan gauzak errotik pentsatzea beharrezkoa izaten da. Horrelako asteburua izan dut nik, muturrekoa eta oso sakona. Ideia bat ibili zait denbora guztian buruan: hizkuntzaren jokoak askotan hitzak eta esanahiak alderantziz lotzen ditu. 1984 eleberrian bezala, han Bakearen Ministerioak gudak antolatzen zituen eta «GranHermanok» pertsona guztiak zelatatzen zituen. Goebbels-ek ere—Hitler-en Propaganda ministroak— ondo zekien zer egin. Hark esan zuen gezur bat milioi bat aldiz errepikatuz egia bilakatzen dela.
Pentsamendu horietan nenbilela, maitasuna eta mina ezin uztartu, nire aburuetatik atera eta kanpora begiratu nuen, mundura zuzendu nuen nire begirada, eta hara non, izugarrizko kolpea jaso nuen! Mundua hankaz gora dabil. Interneten hainbat teleberri berreskuratu nituen, megaupload—en itxieraren min kolateralak, eta ikara nire gorputzeko zelula bakoitzeraino iritsi zen. Murrizketak gora, murrizketak behera; gizon gorbatadun pila erabaki txarrak hartzen, ongi izatea murrizten, ministro frankistak ohore guztiekin lurperatzen, langabezia loditzen, ume lapurtuak denon ahotan, osasun publikoa auzian, hezkuntza murrizten, emakumeen etxeak eta zerbitzuak ixten, telebista sentsazionalistek indarkeria matxistaz eraildako emakumeekin zirkua egiten... Horrek guztiak izen bat du: Kapitalismo Gorea (Liburu baten izena ere bada).
Teorian gure hobe beharrez egiten dituzte gauza horiek guztiak. Praktikan, jainkoaren irudia hartzen ari den merkatu abstraktu baten izenean, eta hura asetzeko, egiten dute lan. Bide batez, munduan pobrezia zabaltzen eta aberastasuna gutxien eskuetara mugatzen, horretan ari dira, berdin zaie gu denak hiltzea. Beraien joko maltzurrarekin jarraituko dute: zaintzen gaituztela esaten diguten bitartean, pozoia emango digute jateko gastu guztiak murrizteko.
Larrepetit
Buruz behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu