Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Bio ala bio?

2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Krisia izanik ere, laborantza biologikotik heldu diren ekaiek geroz eta presentzia handiagoa dute erosketa saskian, eta, ondorioz, baita dendetan ere.Bio elikagaien kontsumoaren hazkundea %10ekoa da azken urteotan. Merkatu berri horretan, ekoizpen mota oro garatzen ari da, garbiketarako xaboietatik jantzietaraino. Baina elikagaiak dira nagusi. Luzaz Bio elikagaien ekoizpenean aritu diren laborariak indianotzat jo ondoren, elikagaien industria eta multinazionalak hasiak dira interesatzen fenomeno horri.

Laborantza konbentzionalak, pozoiak eta tratamendu kimikoak erabiliz, lurrari kalte izigarria egiten dio. Lurra ahulduz, eritasunen kontrako defentsak murrizten dituzte, pozoi gehiago ibili beharrez. Lur ahuletik landare ahula, eta ur kutsatua. Pozoia elikaduraren katean zehar zabaltzen da, lurretik landarera, fruitutik animalera, eta xerratik gure sabelera. Beraz, Bioaren moda, gauza ona da funtsean.

Arrakasta horrek badu lanjerarik. Gaur egun Bioaren kontsumitzailea elikagai konbentzionala baino zerbait gehiago ordaintzeko prest dago, osasuna zaintzekotan. Bio sailaren industrializazioak, aldiz, prezioen gerla sortzen du, eta Bioan ari den laborari xumea ez daiteke industriarekin lehiatu. Fruitu arbolen zelai erraldoietan, industriak esklaboak erabiltzen ditu nekazaritza konbentzionalean bezala, bilduko dituzten fruituak Bio izanik ere.

Ohi bezala industriari men eginez, Europar Bio labelaren egiaztatzea lortzeko baldintzak apaldu dituzte, jitez eraldatu organismo arrastoak dituen elikagaiak Bioen zerrendan ezartzeraino. Multinazionalak sartuz, Bio elikagaien %30 Estatutik kanpo ekoitzia da. Fruituak ez du pestizidarik izanen, baina Marokotik Euskal Herrira ekartzeko hegazkina ez da biziki tratamendu naturalekoa. Bioaren aro berrian sartu beharko dugu, tokiko elikagaiak eta zirkuitu laburrak hobetsiko dituena. Gaia sakontzeko, Maritxu Lopepe kazetariak Gatuzainen argitaratu duen azken liburua gomendagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.