Hauteskundeetarako 100 egun baino gutiago falta direnean, Frantziako lehendakariak enpresari eta aberats lagunei azken opari bat eginez agurtu nahi du agintaldia. «TVA soziala» deitu baldin badute ere, neurri erabat antisoziala prestatzen ari zaigu Nikolas txiki. Dioenez, soldaten gaineko karguak murriztu nahi lituzke, enplegua erraztu eta frantses enpresen lehiakortasuna handitzeko asmoz. Baina horren ondorioz galduko lituzkeen diru sarrerak BEZ zerga5 puntu igoz berreskuratuko lituzke.
Lan eskuaren kostua beheratuz, ekoizpen gastuak merketu nahi ditu enpresa frantsesak mundu mailan eta Frantzian berean lehiakorrago izateko. Mundualizazio ultraliberala bultzatu duten ber horiek dira orain mundializazioaren ondorioz sortu duten egoeraz kexu direnak. Baina merkatu librearen logikan beti atzemanen da norberak baino merkeago ekoitziko duenik; langileen bizkar bistan dena.
Frantziar estatuaren diru iturrien %45 BEZetik heldu da; %25, errenta zergatik, eta %15, enpresen zergetatik. Hor ere ageri da aberatsenek dutela zerga gutien ordaintzen, eta desoreka hori handitu nahi duke, enpresek ordainduko ez luketena herritar guzien bizkar ezarririk.
BEZa zergarik injustuena da. Milioi bat euro irabazi hilabetean edo mila euro, prezioak berak dira denentzat baina zergaren igoerak ez du eragin bera ukanen bi kasuetan. Are gehiago, egin nahi duten erreformak 2.000 euro gordinetik gorako soldatetan soilik ukanen baitu eragina. Erran nahi baita soldata handidunek igoera izanen dutela, eta soldata apalenek ez, kontsumo prezioen igoera denei berdin aplikatu zaien bitartean.
Prezioen igoerak kontsumoaren beheratzea ekar dezake, eta, ondorioz, ekoizpena murriztea, langabezia handitzea, ekonomiaren atzeraldia eta krisi gehiago. Estatuak, aldiz, lehen segurtatua zuen diru sartze bat gal lezake, eta defizita handitu. Baina politikan lagunak kontent uztea omen da gakoa.
Larrepetit
BEZ anti-soziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu