Larrepetit

Besterik gabe

2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hitz konbinazio literarioek garunean duten eraginaz irakurri genuen aurrekoan egunkari honetan. Hizkuntza poetikoa ikergai duen zientzialari batek ikerkuntzaren ondorioz egiaztatzen zuen oximoron izeneko figura literarioak entzuteak aktibitate handia sortzen duela garunean. Interesgarria. Berehala irudikatu nuen, garuneko aktibitate berezi horrek osasunerako onurak zekarkiela ziurtatuko balitz, sortuko zen terapia sendagarria: «Jar ezazu oximoron bat zure bizitzan; bi oximoron hobe; egunero, gosariarekin batera».

Ez da denbora asko otoitzaren onura fisiologikoaren berri izan nuela. Orduan ere, egindako proba zientifikoen bidez, otoitz egiteak hainbat gaixotasunen sendaketa azkartzen zuela erakusten zuen psikiatra batek. Estatistikoki frogatua zegoen egiaztapena. «Otoitz egin ezazu egunero, eta gaixotasunaren aurkako defentsak garatuko dituzu».

Denbora gehiago da ezagutzen ditugula, halaber, sexua praktikatzearen hobariak. Loaren kalitatea hobetzen da, estresa gutxitzen, gorputz azalaren distira areagotzen... Eragin horiek ere frogatuta daude. Beraz, «larrua jo ezazu (gauero) eta krema hidratatzaile eman gabe bizi ahal izango zara»,

Ez nago horrelako ikerketen aurka. Pertsonari ona ekar dakiokeen guztiari ongi etorri! Baina, gizakion joera horrek, guztiari —baita ukiezinari ere— baliagarritasuna bilatzeko joerak, alegia, zer pentsa ematen dit.

Aukeran —eta ikerkuntzak ekartzen digun ona ukatu gabe— nahiago ondorioari begiratu gabe egitea. Doan. Musu truk. Ezer ez lortzeko. Poema batek esnatu digun plazerak eraginda, bertsoak errepikatzea. Egunsenti zoragarri batek ekartzen duen lilurari erantzunez, otoitz egitea. Lagunaren gorputzak sortu didan kitzikatzeak bultzatuta, larrua jotzea.

Edo, beste modu batez esanda, gogoak eskatzen didalako. Besterik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.