Ostiral honetan azaroaren 25a izan da, eta asteburu osoa lanean pasatu dut. Emakumeen aurkako indarkeria, edo eufemismorik gabe, indarkeria matxista salatzeko hainbat ekitaldi garatu dira egun hauetan. Kontzertuak, manifestazioak, lehiaketak, jaialdiak, elkarretaratzeak... Gorputza minduta daukat hainbeste aldarrikatzeaz. Gezurra dirudi indarkeriaz hitz egiten dugunik, hainbeste alaitasun eta indar ateratzen da kalera. Haserreak eta garrasiek badute bere eginkizuna, baina saiatzen gara positibo ere pentsatzen. Urteak daramagu egun hau erabiltzen emakumeak kalera ateratzeko eta gure diskurtsoa zabaltzeko.
Gure lehenengo azaroaren 25a ia ez zen ospatu. Kalera atera ginen, betiko feministak eta gazte batzuk, horrela maite nau nire senarrak! lelopean. Elkarretaratzean batzuk zauriak irudikatu genituen aurpegian, begi moreak, gutxi ginen, baina a ze irudia! 20 bat emakume, Artzai Onaren plaza horretan, mozorrotuak, odol artifizialez margoturiko aurpegiak, emakume oso ezberdinak indarkeria matxista bere gordintasun osoan irudikatzen, maitasunari lotzen eta haren erabilera ankerrak salatzen.
Aurten gehiago ginen, eta ekitaldiak herri guztietan egin dira. Zoragarria da ikustea, gainera, ekitaldi hauetan emakumeen presentzia sustatzen dela. Ostiral honetan, Tolosako ekintzarekin bukatu ondoren Donostiara abiatu nintzen ziztu bizian, Jareñoko gaste eszenan izango zen bertso-hopa ikustera, eta hara non, Onintza Enbeita eta Amaia Agirre ziren. Argitu zuten beraiek betiko bertsoak egiten zituztela, baina niri ez zitzaidan horrela iruditu, oso berria zen niretzat bi emakume oholtzan ikustea. Miraria ere gertatu zen: dirudienez, bertsozale amorratua naiz eta ez nekien. Etxera bidean pentsatu nuen zenbat gauza izango nituzkeen gustuko, horietan emakumeak egongo balira. Agian mundua ere gustuko izango nuke horrela. Ez al da oso bortitza emakumeok hain toki gutxitan egotea?
Larrepetit
Bertsotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu