Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Beldurgarria

2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Azkenaldi honetan, irakurtzen ditudan berriek izutu egiten naute. Mundua hankaz gora dago, eta errealitatea fikzioa baino gore-agoa da. Mariano Raxoik %10eko deskontua eskaini dio diru beltzari merkaturatzen bada, eta magia joko horri amnistia deitu dio. Joko hori oso perbertsoa da, merkatua eta dirua pertsonifikatzen dituelako. Literaturan edo zineman pertsonifikatzea bizitza ez duen zerbaiti nortasuna ematea da. Gailu bat hitz egiten errepresentatzen denean, adibidez. Gure errealitatea arriskutsuagoa da, kasu honetan, dirua eta merkatua pertsonifikatzean, pertsonei nortasuna eta eskubideak kentzen zaizkielako. Merkatuak konstituzioan sartu dira, defizitaren izenean beren eskubideak han idatziz. Bitartean, bizitzari eta haren sostenguari loturiko eskubideak urratzen dira. Esate baterako, hezkuntza eta osasun zerbitzuak murriztuz. Estatua errealitate gore-a sortzen ari da.

Jakina den bezala, zerbait gore dela diogunean, indarkeria kutsu bat duelako diogu. Gure estatuak ez du hori ahaztu, eta azkeneko greba orokorraren ondoren, lanean hasi da. Bartzelonan egondako gatazkak aitzakiatzat hartuta, lege berri bat sortuko du. Bertan, terrorismoa eta bandalismoa uztartuko dituzte, manifestazioetan atxilotzen dituzten gizajoei bi urteko zigorra gutxienez ezartzeko. Bartzelona izan da aitzakia; dirudienez, antisistemen hiriburu bilaka daiteke Europa mailan, eta horri beldur handia diote. Ez dute esan Bartzelonan dagoen polizia Europa mailan salaketa gehien jaso duena dela, ezta hiri horretan ordenantza zibiko klaustrofobiko bat onartu zutela ere. Esan nahi ez dutena zera da: erreprimitzen denean beti erresistentziak sortzen direla. Perbertsoen joko honek hori ezkutatu nahi digu: desobedientziarako eskubidea dugula. Kontuz, legearen eta demokraziaren izenean kapitalismo gore-a ezartzera datoztelako. Kontuz normaltasunarekin, beldurgarri bilakatzen ari delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.