Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Aupa Reala!

2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Udan gehien egiten den kirola omen da. Ez du dohain berezirik behar, ez eta prestaketa handirik. Elikadura aldetik ere, aski menu errazekoa da, edari azukredunak eta gatz ugariko jakiak behar baitira. Hori bai, konzentratzeko edo lo kuluxka luzeak egiteko, isiltasun pixka bat galdegiten duena da: kanapéing edo soffing deitzen diote. Tourraren ondoren, Olinpiar Jokoen txanda izanen da, pantaila zozo horri ase arte begira egoteko parada, baina zer plazera.

Gaur arratsean alternatiba bat izanen dugu, ahalegin handirik egin gabe zuzenean kirolari bikainak begiratzeko parada ukanen baitugu. Etxeko besaulkian izerdiz itsatsi gabe, Donibane Lohizuneko errugbi zelairaino hurbildu beharko dugu Reala eta Olympique Lyonnaisen arteko partida bikaina ikusi ahal izateko. Talde donostiarrak opari ederra egin dio Seaskari Olympique Lyonnais talde indartsua ekarraraziz.

Realak eta Seaskak urte luzetako historia dute elkarrekin. 1978an jokatu zen ikastolen aldeko lehen partida. Bastia eta Reala aritu ziren Baionan belaunaldi oso bat markatu zuen futbol partidetariko lehen hartan. Garai hartan bezala, talde txuri-urdinak eguzkia ekarriko dio Seaskari, proiektuez gainezka eta laguntza publiko eskasez, lainotzen ari diren diru kontuei aitzin egiteko. Xalbador kolegioa berritzeko lanak urte hastapenean abiatu dira, eta xedea osoki estali ahal izateko bi mailegu harturik ere, oraindik milioi bat euro eskas ditu ikastolen federazioak.

Garai hartako tradizio horrekin berriz lotzeko xedea dute Realak eta Seaskak; eta azken bi urteetan, buru-belarri aritu dira partida antolatzeko xedez, zailtasun guziak gainditurik. Ea partidak Seaskari behar duen sostenguaren hastapena ematen dion, eta Realari, garai hartan bezala, ondoko urteetan ligak irabazteko indarra. Helburu argia finkatuz, euskararen alde eginez, taldeari hegalak emanen dizkio.

Arratsaldeko 18:00etan dugu, beraz, hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.