Hedoi Etxarte
LARREPETIT

3.634, 67, 45

2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zinemako errepresentazioak aztertzen ari zela idatzi zuen Georges Didi-Huberman-ek zinemak «herriak» adierazteko problema bat daukala. Herriak (ala Herria, ala langile klasea, ala emakumeak, ala beltzak) adierazi nahi duenean «figuranteak» jartzen ditu. Figurantea hitz arrunt bat da, «gaitasunik gabeko pertsonei buruz» ari garenean erabiltzen da. Figurante bat da aktore izatera iristen ez den pertsona. Narrazio batean pertsonaia izatera heltzen ez dena. Figurantea errekurtso bat da, «giza errekurtso bat». Baina figura bada, Didi-Hubermanen hitzetan betiere, abismora eta labirintora garamatzan hitz bat. Zinemaren ekonomian figuranteak gehigarri humano bat dira, «heroi zentralaren jokoa enkoadratzeko balio dute, narratibaren benetako aktoreek, pertsonaiek» beren papera garatzeko. Halako atzeko teloi bat dira, aurpegiak, gorputzak eta keinuak dauzkate nahiz eta ez diren norbanako izatera iristen, «paradoxa bat dira, beraz, dekoratua dira, baina gizatiarra». Ingelesez eta gazteleraz extras esaten zaie, comparsi italieraz: filmaren dinamikarako soilik balio dute, star-ek distira egiteko.

3.634 pertsonako masa bat garbitu zuten Nafarroa Garaian kolpistek. Gorriek, beltzek eta berdeek zero. 1977tik ETAk 45 pertsona hil ditu herrialde berean, eta urte hartatik eskuin muturrak eta indar militar eta parapolizialek 67. Intentzio onenarekin sortutako memoriak ez du lortu, kasu bakanen batean izan ezik, 3.634 horiek pertsona gisa oroitaraztea. Hor arazo narratibo bat egon daiteke, materiala zentzu literarioan: 45 bizitza gogora ditzakezu, banan-banan, omenaldiak eginez, urtero; baina 3.634 bizitza nola kontatu?

Masa honetatik kanpo geratzen dira 1939tik 1977ra faxistek-eta Nafarroan hil zituztenak, ez gutxi. Baina administrazioen manipulazioak salatzen ditugun bezala pentsatu behar dugu gure ardura politikoa eta estetikoa dela hildakoen afera. Eta auzi artistiko erraldoia dugula, masaren kontaketa masa ukatzen den garaian, jakinik masa kontatzearen zailtasunaz. 3.634 horiek gogoratzeko, talde gisa eta pertsona gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.