Loretan dira zuhaitzak etorbidean, ama, ia sinistu ezindako modukoa da zein zorrotz betetzen diren zikloak, iraun egiten dute galipotezko eta porlanezko infernu honetan ere, ematen ote die inork urik, zaintzen ote ditu inork, txakurrak jantzi egiten dituzte hemen eta jendeak kalean egiten du lo, kartoizko gazteluak jasotzen dituzte, guk txikitan bezala, guk ez geneukan han lo egin beharrik ordea, parkean azaldu dira eguraldi onarekin, loretan dira zuhaitzak etorbidean.
Zaintzen ote ditu inork, ematen ote diete jaten. Ez dakit non irakurri dudan, ama, behar dutenei jatekoa ordu diferentetan ematen omen diete Grezian, greziarrei eguerdian, kanpotarrei hirurak aldera. Lehendabizi etxekoak, ezaguna egiten zait. Nola zen beste esaldi hura, kanpoko onena baino etxeko txarrena hobe. Ultraeskuinak gora egin du bozetan. Mugan minak jartzea proposatu dute, jende askok pentsatzen duena esaten ausartu dira: greziar bakar bat langabezian dagoen bitartean, atzerritarrek ez diguten inongo penarik ematen.
Elkarrizketa egin diote Xabier Aierdiri Zuzeun, titularrean geratu nintzen: Gizarte guztien amets ezkutua da bertakoekin bakarrik bizitzea.
Zer da etxea, zein dira etxekoak, zein bertakoak?
Jira
Zu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu