Beratu eta baretu egiten naiz uretan, zikina kentzen didala sentitzen dut, berritu egiten nauela. Nekezago haserretzen naiz uretatik irten berritan, mintz umela daramat oraindik azalean, irrist egiten dit munduak, baina umela lurruntzen hasi orduko hasten naiz neu ere berotzen: Asturiaseko meatzariak borrokan dira egunetan, langileak greban dira bazter guztietan, jendeak badaki, beste segurantziarik ez du, jendeak badaki etorkizuna okerragoa izango dena, eta intelektualak elite politikoak eta elite ekonomikoak aipatzen ditu, herriarenak ez diren interesak dituztela, jakina, eta konpartsatzat hartzen gaituztela herritarrak. Eta orduan lurruntzen zaizkit azken ur tantak. Konpartsak? Non bizi da tipo hori? Bere denborarik gehiena oinarrizko beharrak asetzeko eman behar duen jendea, meatzean sartuta bizimodua atera behar duena, laminazioan lan egiten duena, edo etxeak garbitzen, edo igeltsero, edo tabernan egunean hamabi ordu sartuz, irabaziak besteri emango dizkion makinaren labaingarri eta lubrifikatzaile besterik ez dena, ez garena, ze ostia, gu, inoren kontuak gizentzeko bizi garela sentitzen dugunok, konpartsa gara?
Uretan sartu nintzen, baretzeko: akaso bai, konpartsak gara.
Jira
Uretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu