Jira

Ukitzeke

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Geldirik kazetariok, geldirik txori txikiak, etor dadila Tarkovski, eraman dezala kamera uraren gainean mantso, azpian geratu dena ikusteko moduan, joan dadila leun eta mantso, astiro, poliki, ikusten duenaz ohartzeko moduan, galeraren kontzientzia zehatza hartuz, eta ekar ditzala azalera, ukitzeke, berreskuratzeko ahaleginik egin gabe, zeharka ikusita bezala, ur azpian geratu diren liburuak, ekar ditzala izenak, ekar dezala gure begietara erabat galdu dena, eskuz egindako fitxak, euskal artearen historia baterako behar-beharrezko apunteak, Artelekutik pasatu diren artisten zerrenda, haien katalogoak, ekar dezala gure begietara, leun eta mantso, eskopeta tiroak zerua lehertu eta beruna bota aurreko isiltasuna mantenduz, mundua hobetzeko fedea gordetzen genuen garaia, artea kulturaren zutabe eta kultura ekonomiaren gurdi bilakatu aurreko sasoia, ekar dezala gure begietara edertasuna, lagunarte alaiaren betetasuna, izara zurien opaltzea, mundua behin eta berriz asmatzeko gurari haragitua, ekar dezala leun, ekar dezala mantso, geldirik kazetariok, geldirik txori txikiak eta suge handiak, etor dadila Tarkovski, ekar dezala azkenekoz, eta gero egin dezala kanpora, egin dezala gora, zeruaren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.