Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Topaketak

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Ez dugu ahotsik, ezin dugu hitzik egin eszenatokian. Konpartsak gara. Baina orduan zer, konplizeak gara? Gauzen izatea eta munduaren ordena betikotzen laguntzen dugu? Geure aletxoa jartzen dugu denak lehen bezala jarrai dezan? Zein dira gure printzipioak? Atsegin printzipioa eta errealitate printzipioa bakarrik? Senak gidatzen gaitu, animalia inkontzienteak gara, gure ekintzen ostean geure buruari azalpenak emanda lasaitzen gara, lupua gara hurkoarentzat, zakua bete grina?

Eta orduan zer, etsipena emanda utziko dugu gizakia?

Hil arte bizitzera mugatuko gara, bakea urpean bilatzera?

Orduan zer, jarraitu egingo dugu eszenan azaltzen?

Ez bagaitu inork kontuan hartzen, ez badugu ahotsik, ezin badugu hitzik egin, zertarako nahi dugu eszenan azaldu? Ez ote genuke hobe aulkietan geratzea, txistu egitea, arrautza ustelak botatzea, barre algaraka hartzea enperadorearen jantzi berria? Ez ote genuke hobe antzezlanaren artifizioak agerian jartzen saiatzea, oholtza eraitsi, oihalak sutu, jantziak kendu, egia sakratuak biluztea?

Antzerkia egin behar bada, ondo, ados, egingo dugu, baina denok berdin, nor bere bizitzako protagonista, nor bere hitzekin. Ez konpartsa, ez konplize, aske hitz egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.