Angel Erro.
JIRA

Terrorea (III)

2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Atzo armiarma lodia ikusi nuen komuneko konketaren alde batean, niregandik zentimetro gutxitara. Iker Jimenezi aditu diot armiarmek gorde dutela, beste piztiek baino hein handiagoan, gizakiarengan izu misteriotsu, arkano eta oso antzinakoa pizteko ahalmena. Eta, berez, ikerlari gasteiztarrak hiru adjektibo horiek egoera guztiei aplikatzen badizkie ere, honakoan sentitu dudan nazka eta beldurraren nahasketarentzako azalpen gertagarriena da. Egoerak ere ez zuen asko laguntzen, nire hegemoniaren zetroa esku artean nuen eta hirugarren mailako edozein aztertzailek ere erraz ondorioztatuko luke neure burua babesgabe eta nire maskulinotasuna arriskuan ikusten nuela.

Intsektizida esprai aspaldian erabili gabea hartu eta armiarma destatu nuen. Hasieran ez nuen eraginik nabaritu. Pentsatu nuen pozoia iraungita egonen ote zen, halakorik posible bada. Horregatik jarraitu nuen hatza sakagailuan, hustu nuen arte. Deskargaren erdian edo, edonola ere nik espero baino askoz beranduago, armiarma bere baitan bildu eta Star Wars-eko Aliantza Errebeldearen ikurraren itxura hartu zuen, azkenik geldi.

Goizean izugarrizko buruko minez esnatu naiz, deus hoberik ezin idazterainokoa. Akaso bazen erantzun neurrikoagorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.