Etsaiak eta lagunak, zoriontsu izaten saiatuko dira denak, eta ez dakit asko kezkatuko dituen Espainiako Kongresurako aulki banaketa zehatzak, edo irrikaz egongo diren ministroen izenak ezagutu zain, edo jarraipen berezia egingo dioten Amaiurreko eta EAJko diputatuek Madrilen esan eta eman dezaketenari, edo gogoz eta pozez hartuko luketen EAEn hauteskundeak aurreratu ahal izatea. Ez dakit zer nahi duten Euskal Herriarentzat, ez dakit zer nahi duten herriarentzat. Ideia sinpleetan bat etorriko gara, seguru asko. Hortik aurrera, nork bere aukera arrazoitzea tokatzen denean, banatzen gaituen tartea zabaltzen ari dela konturatzen gara, batentzako hil edo bizikoa dena bestearentzako bigarren mailako kontua dela. Ez dakit non irakurri dudan: Robert Musilen ustez, demokrazia jendea ideia baten inguruan biltzea da, eta ideiak izugarri sinplea izan behar du horretarako.
Ez dakit zein ilusiok mugitzen duen aurrera bultzatzen dituen bihotza, zoriontsu izaten saiatuko dira. Egunero bilatuko dute poz txiki bat, irribarre bat, begirada konplize bat, bake pixka bat, maitasuna. Betetzeko moduko ametsak egingo dituzte, egiteko moduko proiektuak izango dituzte, nik bezala.
Zoriona ideia sinplea da.
Jira
Sinplea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu