Beste milaka eta milakaren artean bat: arrunta, bere abizena bezalaxe, Sanchez, arrunta, 43 urte, segurtasun zaindaria, mila euroren bueltan jornala, bi seme-alabaren ama, arrunta, milakaren artean beste bat, berak ere ez zuen aukeratu aitaren ogibidea, ez zuen haren berririk izan oso gerora arte, guardia zibila zela uste zuen; lau urte zeuzkan aita hil zitzaienean. Handik sei urtera hil zen ama. Izeben kargu geratu zen, haietako batek bota zion, haserrealdi batean: «Zure aita bezain kriminala zara». Familiaren lagun batek argitu zion: «Zure aita borreroa zen, pelikula bat ere egin zuen».
Apuntatu ikusi beharrekoetan: Queridísimos verdugos, Basilio Martin Patino zuzendariarena.
Nebatzakoari deitu zion, filmaz galdetzeko. Ez zuen ezer jakin nahi izan: «Dena ahaztuta daukat. Ez dut seme-alabek aitona zertan aritzen zen jakiterik nahi». Azkenean lortu du filma ikustea: aitak gorroto du borrero esatea: «Nik ez dut inor hiltzen, justiziak hiltzen du».
Arrunta, Sanchez, 43 urte, segurtasun zaindaria, ez zuen aukeratu aita, ez zuen aukeratu historiarik beltzenaren ahaide izatea. Elur maluta gozorik ez, pinportak dira parkea zuritu dutenak. Zerotik hasteko ilusioa sortu zaio, hala ere.
Jira
Pinportak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu