Herriko liburutegian eman ditut egun hauek. 1988ko liburu bat hartu dut; lehendabizikoa izan naiz. Aldizkariak daude, egunkariak; literaturako saila, norbere gustuak albo batera utzita, oso txukuna. Coetzeerenak, esate baterako, hor daude, euskaraz Lotsaizuna, espainolez beste bospasei. Verano eskatu nuen, eta bertan ez zegoenez, Arrasateko liburutegitik ekarri didate.
Liburua ireki bezain laster, zaplaztekoa: «Hontara itzuli naiz beraz. Haatik, munduko zein lekutan ezkuta daiteke bat zikin ez sentitzeko?»
Aurrerago, lasaitua: «zertarako dira ba liburuak ez bada geure bizitzak aldatzeko?»
Jende gutxi ibili da aste honetan, estatistikak gizentzen ari nintzela sentitu dut sarean sartzeko pasahitza eskatu dudan bakoitzean, Udalak zenbakiak begiratuko dituela, eta kontuak atera: errentagarria den ala ez, aurrekontua murriztu ala ez. Zutabeak idatzi ditut irakurle baten zain zeuden liburuz inguratuta. Eta pentsamendu batek hartu nau goitik behera: zenbat urte iraungo du liburutegiak orain arte bezala? Noiz eta zeinek esango du ez duela merezi liburutegi publikoa mantentzea inork erabiltzen ez badu?
Ez da urte asko pasako: zerbitzu publikoen beharrezkotasuna ukatzeko beharko direnak.
Jira
Parentesia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu