Polimaitasunari eta ez-monogamiei buruzko fanzine bat irakurtzen ari naiz: Nik ezingo nuke. Izenburu egokia, izenburu egokirik bada. Maiz esaldi hori botatzen baitizute harreman sexu-afektibo bat baino gehiago daukazula azaltzen duzunean —bikote irekitik harago—. Ez naiz flipatuko: neuk ere esan izan dut esaldi hori, uste izan dut esaldi hori, eta ez behin. Ezingo nukeela: horrela, abstraktuan. Baina gero, badakizue: bizitza.
Halere, aztertzekoa da nondik datorkigun argudioa, zergatik ez dugun zintzoago-zehatzago erantzuten: «ez dut halakorik nahi» bat, «beldurra ematen dit» bat. Bestelako poli- eta mono- batzuez ari den Jule Goikoetxearen liburu berriak jarri nau arrastoan: «Monoteismoa bizitzaz nekatua dagoen jendearentzat da, bizitzari beldurra izatetik sortzen baita, bizitzaren aniztasunari izua izatetik, horregatik murriztu behar du den-dena bakar batera, beste jainko guztiak hiltzen ditu, eta fase historiko bakoitzerako gaizto bakarra aurkitu. […] Ongiaren kausak ere bakarra izan behar du. […] Eta guk, politeistok, ez dugu astirik ezagutza gisa zertifikatutako depresio honetarako».