Berez, izan odolkia izan zerga irauntzailea, izena asmatu nahiak mundua adierazi beharra erakusten du, eta alderantziz, izena asmatu beharrak mundua adierazi nahia. Lantegi zaila da. Anjel Lertxundiren blogean post scriptum argigarria zetorren, beste askotan lez, eta han azaltzen zuena, euskaraz idazten duen orok maiz ibili ohi duen kezka da: «Normala den bezala, hizkuntz hegemonikoen uharan ibili behar duen euskara bezalako hizkuntza bati beti etorriko zaio hitz berrien uholdea. Nola erreakzionatu? Lehenik eta behin, haien parean jartzea ezinezkoa dela onartuz. Txikiak gara. Eta, bigarren, ezintasun hori umore pitin batez hartuz, eta ez tragedia sekulako bat balitz bezala. Euskara bezalako hizkuntzetako hiztunok, oroz gain, trenpea behar dugu: garenaren neurria onartzetik datorren aurrera egiteko kemena».
Ados, ez da sekulako tragedia, baina izaten da noizean behin inguruko erdaretako hitzak bere horretan hartzeko tentazioa. Izua ez da terrorea. Ñabardurarik txikienak erabakigarriak izaten dira batzuetan. Norvegiako hiltzaileari Públicok «eskuin muturra» deitu zion, El Mundok «nazionalista», eta Intereconomiak «antisistema».
Terry Eagletonen liburua erosi dut: Terrore sakratua.
Jira
Ñabardurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu