Amorruak jan du lehengusua, eta ez du beste konturik. Lehiaketa abian jarri zutenek, esaten dit burumakur, Herbehereetako gobernuari kritika egin nahi omen zioten, inmigrazio politika berriagatik, urteak eta urteak bertan eman ditugunak kanporatzeko erabakia hartu duelako, eta lehiaketaren bidez bertako kultura ondo baino hobeto ezagutzen dugula erakutsi nahi omen dute. Euren kolonia izandako Curaçaora eskaintzen diete bidaia irabazleei, eta diru pixka bat, nahigabea goxatzeko. Galtzaileei, harrapazak hankatik, tulipan erraboilak eta balen kontrako txalekoak!
Adore ematen saiatzen naiz ni alferrik, Kamerunera itzuli eta bizitza berregingo duela esaten diot, ikasia dela, aritua dela, akaso gure herrialdean gehiago beharko dutela. Negar itoa entzuten diot gero, eta madarikazioaren hiru hitzak: deportatua izango naiz.
Alexander Rodtxenkok Parisetik Varvara Stepanovari idatzitako gutunak lehendabizikoz irakurri nituenean, ilargiaren beste aldea ikusten ariko banintz bezala sentitu nintzen, eta iltzatuta geratu zitzaidan esaldi bat: «Mendebaldea gehiago gustatzen zitzaidan ezagutzen ez nuenean».
Baita niri ere. Denagustatzen zitzaidan gehiago ezagutzen ez nuenean. Baita bakardadea ere.
Jira
Mendebaldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu