Durangoko Azokara joateko gogorik izan ez baduzu, lasai. Joan, eta ez baduzu ezer hartu, deus gutxi eman badizu egunak, lasai. Uste baino gauza gehiago erosi baduzu, dena iruditu bazaizu kristorena, demasekoa, kolosala, kultura-herria-hizkuntza, hori garela gu oihukatu nahi baduzu, lasai. Zure artista kuttunak ez badizu sinatu, edo sinatu badizu baina izenik galdetu gabe, edo galdetu badizu izena, nongoa zaren, ea ze plan duzun gaurko, eta aupa zu! esan badizu agurtzerakoan, lasai. Kontzertua ez bazaizu gustatu, mahai-inguruan aspertu bazara, pasilloetan akitu, lasai. Elkartu baldin bazara zure erreferentearekin, elkar ukitu baldin baduzue tabernan, biok eskatu baduzue solomo-gazta-piperra bokadilloa, lasai. Zure erreferente horrek goitik behera begiratu badizu, zakar hitz egiten badu lagun-taldean, erdaraz ari bada, beste artista bat kritikatzen ari bada, lasai. Larritu bazaitu behin maite izan zenuena gurutzatzeak. Poztu bazaitu behin maite izan zenuena gurutzatzeak. Euskal kultura itsusia da. Euskal kultura ederra da. Lasai.
Lasai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu