Maialen Akizu.

Karla eta loa

2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Lorik hartu ezinda nenbilela irakurri dut herritarren %46k duela loaren nahasmenduren bat, hau da, ia bitik batek. Margaritaren petaloek maitasun estatistika nola, halatsu asma zenezake nor dabilen lorik hartu ezinda: hau bai, hau ez, hau bai, hau ez.

Nola hartuko ote dute lo Olinpiar Jokoetan? Denok izaten ditugu kabitzea kostatzen zaigun egun potoloagoak. Kirolariek, eta maila horretako kirolariek, zer esanik ez. Baina atleta batentzat, profesionalki eta itxuraz, Olinpiar Jokoak dira ametsetan ametsenak, eta ametsa betetzear zaudela, zer amestu bezperen? Boxeolarien, curlingekoen eta patinatzaileen bezperako gauak kronometroz neurtuak irudikatzen ditut; bakoitzak bere protokolo, mania, pijama, izara eta ohelagun. Denek itxiko dituzte begiak, denek izango dute gutxi-asko hurrengo goizean ordurako ez jaikitzearen beldurtxoa, eta denek pasatu beharko dute une berezi hori inkontzientean.

Nik badut loaldiarekin lotutako nire joko olinpiko propioa. Gauetan lokartzea kostatu arren siesta zalea naiz. Nire jokoa honetan datza: siestara sartu, alarmarik ez jarri, eta begiak itxi. Hogei minutuko kuluxka egingo dut? Lau ordukoa? Jaikiko al naiz sekula berriz? Ezin da jakin, arriskatua da oso, eta denoi gustatzen zaizkigu asko-gutxi arrisku kirolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.