maialen akizu 34 172x172

Jostea

2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Eskailerapean izaten zuen gordea. Sukaldera eramaten zuen, zumezko kaxatxo borobila ateratzen zuen, lepoaren bueltan, domadoreak sugea nola, zinta metriko horia jarri, eta halaxe hasten zen tarraka. Nire memorian, oraindik, entzun dezaket soinu hura, daratuluaren antzerakoa, paretak dardarka jartzeko modukoa, baina ezer hausten ari ez zen bermea ematen zuen hotsa. Sigma markakoa zen amonaren josteko makina, mahaiarekin zetorren, bolantea zuen, pedala, eta hankarekin eragin behar zitzaion. 

Bera ez zela jostuna esaten zuen, jostunak Maria Eugenia eta Maria Jesus zirela, baina bazekien barrenak hartzen, zurtzitzen, botoiak josten. Bitan jarri nintzen bere ondoan. Oihala tenkatuta atzamarrak orratzetik ahalik urrutien jartzen nituen nik, eta amonak ezin zuen ulertu nire beldur hura —«jesus, neska!»—. Tote bag bat egin genuen elkarrekin, tela itsusi xamar batekin, «probarako» zelako, egingo genituelako gehiago, baina ez daukat besterik.  

Gaur Santa Lutzi eguna, jostunen eguna ere bada. Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuak hala dio: «Bitxia da: oraingo makinak segituan hondatzen dira. Lehengo josteko makinak badabiltza oraindik; eskuak falta dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.