Maialen Akizu.

Itsasoa agindu

2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Nik Patricia Fonten Itsasoa agindu zuen maisua pelikularen bidez jakin nuen istorioa: Antoni Benaiges irakasle katalan, errepublikano eta sozialista Espainiako Bigarren Errepublikaren testuinguruan, 1934an, Burgosko BaƱuelos de Bureba udalerri txikira bidaliko dute lanera, eta bi ikasturtez saiatuko da bere klaseetara etorritako ikasle gutxi haiei ahalik eta hezkuntzarik osoena, gertukoena eta egiatiena ematen. Irakasleak, besteak beste, inprenta txiki bat erabiliko du ikasleek asanbladan erabakitako gaien koadernoak egiteko. Koadernoetako bat itsasoaren ingurukoa da, haur haiek sekula ikusi gabeak baitira inon baino ur gehiago dagoela esaten den leku hura. Irakasleak, jakin-minari eta irrikari erantzun guran, kostara eramango dituela hitzematen die, eta zeru eta lurrak mugituko ditu haurrek itsasoa ikus dezaten. Zeruak, lurrak eta itsasoak bere egin zituen, ordea, gaurko egunaren izen bertsuan hasitako kolpe militarrak. Bizitza analogikoa eta anakronikoa delako, orain bi aste irakaslearen promesa betetzeko Benaiges Eskola Elkarteak hogeita bederatzi ikasle eraman zituen lehen aldiz itsasoa ikustera. Ez da aski oroimena, oraindik denbora gelditzen denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.