Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Hondarretan

2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Nor bere munduak bizi du akaso, baina nor bere mundua ez du norberak osatzen, jendez mukuru dago, bizitza oso bat da, hor nonbait behar du minutuz minutu sentitu duzun guztiak, egin duzun bidea gogoan behar dute oinek, hor nonbait behar du orain ahaztuta dauzkazun maitasunen arrastoak, hor daude erabat alde egiten ez duten maitasunak ere, lagunen izenak, ezagutu dituzun lekuak, irakurri dituzun liburuak, zeure hondarra zara, zeure hondarrak bizi zaitu.

Irautea lortu duen hondarra.

Hain dira antzekoak, iraun eta irauli.

Nor bere munduak bizi du akaso, baina mundu hori ez da une bat besterik, hondar tontor bat, hemen txiki bat, orain labur bat, aldiro aldatzen eta berritzen dena, aldiro hondar gehiago dakarrena, aldiro jende gehiago, aldiro beste leku batzuk, aldiro beste norbait ispiluan. Eta ohartzen zara, zure hitzetan besteren oihartzunak bezala, zure hondarretan beste milaka munduren hondarrak daudela.

Eta ohartzen zara, beharbada mundua partekatzen hasteko modurik onena hondarrak partekatzen hastea dela. Modu bakarra, akaso. Zure munduaren hondarrak: hildakoak, fikziozko pertsonaiak, lagunen izenak, irakurri dituzun liburuak. Irautea lortu dutenak, iraultzea lortu dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.