Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gerotasuna

2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hondartza jendez beteta dago, umeak oporretan dira, bero joan da aste osoa. Eta beroari eta egarriari eta goseari eta logurari eta bestelako gurei erantzuten bada nahikoa lan, hor daukazu telebista zain ezer egin gabe ilunpetan etzanda egon nahi baduzu ere, garagardo hotza alboan, beroa bakarrik ez, denbora bera ere gorputzera itsasten zaizula sentitzen duzun bitartean, gelditu egin dela, ez dela mundurik gehiago, loak hartu zaitu, izerditan esnatu zara, ze ordu da, kaleak hutsik daude, argiak erre egiten du, begiko mina ematen du.

Jendeak lehentasunak dauzkagu, baina gerotasunik ez.

Etorkizuna bai apika, baina gerotasunik ez.

Amak esan zidan: hegaztiak behean dabiltza. Irratian entzun nuen gero: hegaztiak lehen aldean behean dabiltza. Gero kaioak ikusi nituen hondartzan, jende artean lur hartzen. Etxe inguruan enarak zebiltzan bueltaka. Zozo bi ikusi nituen parkean. Buztanikara ikustea iruditu zitzaidan ibai ondoan. Hegaztiak behean dabiltza, esan zidan amak. Ama, eman zidan esateko gogoa, jendeak lehentasunak dauzkagu, baina gerotasunik ez. Hemen gabiltza ezinean, erdi biktima erdi konplize, mundu guztia bezala. Biharko egunak zer ekarriko digun asko axola gabe.

Dena galtzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.