Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gauza hau

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Edozein liburutan biziko nintzateke, baina hau ez da liburu bat: horren aldean gauza iheskorra da errealitatea, bizitza, gauza hau. Galdu egiten da, azken zigarro bustiaren ke lodia bezala, lurrundu egiten da, sabairainoko arabeskoak marrazten ditu, desagertu egiten da, goizeko argiarekin gaua desagertzen den antzera. Iragana munstro beldurgarria da, dena jaten du, eta digeritu ezin duena ekartzen dizu gero bueltan memoriak, berak nahi duenean, ez dizu galdetzen noiz nahi duzun, nahieran botatzen dizkizu irudiak, saltaka datoz, gordin, alferrik ariko zaizkizu bihotza irekita hizketan, bat-batean aurpegi bat etorriko zaizu, une bat, keinu batek beste bat ekarriko dizu gogora, izen batek beste bat, eta inork ezer esan gabe konturatuko zara: izugarri eremu zabala da bakardadea.

Eta edozein lekutan hasiko zara negarrez, jende artean, egun argiz, zutabe bat idazten ari zarela museoko kafetegian, Bon Iver Holocene abesten hasi zaizunean belarrira. Izugarri eremu zabala da bakardadea, mamuz beteta dago. Eginbeharrak daude gero, jatekoa egin, arropak garbitu.

Inork ezer esan gabe konturatuko zara: bizitzeko behar duzun azpiegitura lortzeko etengabeko borroka izaten bukatzen du bizitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.