Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gaurkoa

2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Neurea ez balitz bezala gogoratuko dut iragana laster. Historiarekin sekula gurutzatu ote naizen otuko zait, non nengoen gaur hamabost urte, ostirala zen, telebistan manifestazio jendetsuak ikusi nituela uste dut, gauean kalera aterako nintzen, baina ez dakit, ez naiz akordatzen, ez daukat gaurko eguna besterik: berandu jaiki naiz, Ramon Saizarbitoriari egindako elkarrizketa irakurri dut BERRIAn, «beharbada ahaztuegia dauka jende askok diktadura zer zen», zutaberako gorde dut beste hainbat esaldirekin batera, «pena ematen dit gazte jendeak, baita gazte jende abertzaleak ere, gerrari buruz zein gutxi dakien jabetzeak», neuk ere gerrari buruz oso gutxi dakidala ohartu naiz, ia ezer ez, 1.002 biztanle zituen Xunqueira de Espadanedok 2004an, hamabost urte zenbat den pentsatzen jarri naiz gero, non egongo ote naizen hamabost urte barru, iristen banaiz behintzat, gaurko egunez.

Efemeridea grezierazko ephemeros hitzetik omen dator, eta «egun bakar bat irauten duena» esan nahi zuen. Gaurko eguna. Ez daukat gaurko eguna besterik. Baina nire gaurko eguna ez da efemerideen gaurko eguna. Auskalo hamabost urte barru zer gogoratuko didaten. Neurea ez balitz bezala gogoratzen dut iragana jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.