Batek erabakiak hartzen ditu, noski, eta ez nolanahikoak: badaki ez dela atzera bueltarik, egindakoa hor geratzen dela, aukera bakoitzak beste guztiak uzten dituela bazter; eta hartu egiten ditu erabakiak. Eta norbere erabakien ardura ere hartzen du, ezin dio besteri egotzi bere ondoezaren erantzukizuna; nor bere buruaren jabe da, eta mirabe. Barne enbatak jotzen du batzuetan: naufragoa beti da norbera. Itsasora egiten du berriro ordea, haizeak darama.
Batek ez baititu erabakiak hutsetik hartzen. Lur batean jaiotzen da, etxe batean. Gure amaren amaren ama Ybarratarrenean egon omen zen neskame. Egun batean, urte batean jaiotzen da. Hizkuntza bat ematen diote, heziketa bat, mundua izendatzeko modu bat, bizitzarako arma batzuk, horrekin abiatzen da. Ezin ditu ordea haizeteak eta euriteak mendean hartu, busti-lehorrean dabil, ozta-ozta asmatuko du bere burua gobernatzen.
Eta hasten bada bere buruari begira, zer den eta non dagoen galdezka, bere izatearen eta egitearen puskarik handiena ez duela berak erabaki konturatzen da bat, etorri egin zaiola, nahi zuela, ezin izan zuela saihestu. Eta hala ere, bere izatearen eta egitearen ardura berea dela.
Halabeharrak garamatza, eta badakigu.
Jira
Enbata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu