Negar egin, fakturak ordaindu, arropa garbitu, jatekoa egin, lanera joan, egutegiari orriak erauzi, egunari eguna ezarri, bizitzen jarraitzen du jendeak. Ahaztu, nahastu, nahaztu egiten dugu, sekula deslotuko ez dugun korapiloak bizi gaitu. Atzera begira jartzen gara batzuetan, betirako galduko den horri heldu nahian bezala, baina pilotu automatikoa gauza handia da, etxera eramaten zaitu mozkortzen zarenean, mozkortzen ez zarenetan, berriz, bere kasa zaramatza zulo beltzetik zulo beltzagora, dena galtzen duzu beti, gaurko eguna ere hor joango da, galdu egingo da, lanean eman dituzun orduak, autoak kendu dizkizunak, eginbehar nekoso eta aspergarrietan bota dituzunak, loari eskaini beharrekoak, eta bihar berdin, eta etzi ahaztuta izango duzu gaurko eguna. Baina ez 2001eko irailaren 11ko hura. Oraindik ere akordatu egiten zara non zeunden. Saiatuz gero, kasik eguna berregiteko gauza izango zinateke. Zure bizitzako zenbat egunekin egin dezakezu gauza bera?
Irailaren 11ko atentatuen izena data bat da. Data bat baino, jeneralean urtea ez baita aipatzen, egun bat. Egun bat da, eta denontzat da egun bat. Zenbat egun dauzka munduak gogoan, bere osoan, bere zoroan?
Ez da egun bat, eguna da.
Jira
Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu