Leninek ez zuen jatea oso gogoko. Ia aszetikoa zen. Nadezhda Krupskaia emazte eta burkideak bere oroitzapen liburuan ia inoiz ez ditu bazkari edo afari bezalako hitzak erabiltzen etxeko otorduez mintzo. Horien ordez, errusierazko pitaniye (ospitaleetako edo antzeko erakundeetako dietekin zerikusia izan dezakeena) edo, bestela, kormezhka (mokaduaren ordain itzul genezakeena, etxeko maskotei jateko ematen zaiena izendatzen omen duena) erabiltzen ditu.
Vilyam Pokhlebkinek esaten digu «Leninek ez zion jaten zuenari kasu handirik egiten eta zuzenean galdetzen zitzaionean zer nahi zuen jateko, ezin ulertuzko erantzun bat ematen zuen». Garaikideek diotenez, haren grina gastronomiko bakarra garagardo pitxer on bat zen. Mario Vaquerizo kazetari eta musikariak aforismo zuhurra utzi digu: «Garagardo batek dauzka nire gorputzak behar dituen elikagai guztiak». Egunero hainbat litro garagardo edaten ditu eta ez badu sabelik —Vaquerizo lodi ohia da—, jatekoekin ez dituelako nahasten da.
Nik dietak egun arraroetan hasten ditut, sekula ez astelehenetan. Lerrook irakurtzen ari zarela, dena ongi bidean, dietan hasi berri nago. Limak, kuiatxo eta brokolia erosi dut merkatuan, instagrammer bati ikusitako errezeta egiteko asmoz.
JIRA
Dieta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu