Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Detaile bat

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ez zaitu inork behar, zuk behar dituzu besteak. Baina orain denak etsaiak dituzula ari zaizkizu esaten, lehiakideak denak, jende asko dagoela lanpostu bakarrerako, norgehiagoka itzela dela, onenak baino ez duela izango leku bat burgesiaren paradisuan, zeure burua bereizi beharra daukazula, bakartu, sekretuak gorde, informazioa ezkutatu, onena izan. Eta zein izango da onena? Kexarik ez, printzipiorik ez, nahieran erabil dezaten utzi beharko du onenak; lana gogor egin, ahorik ez ireki, nagusiari beti eman arrazoia, eta pozik agertu gainera daukanarekin; iragarkiak ere hasi dira, ospatu daukazuna, izan zaitez positiboa.

Beti irribarre egiteko esaten.

Besteak behar dituzu, eta ez zaitu inork behar. Izugarri eremu zabala da bakardadea, eta zabalagotzen ari da uneoro, bizkarrean behera izerdia dariola iritsi da emakume gizena museoko kafetegira. Soineko zabal nasaia darama. Detaile bat: esertzera zihoan mahaian zeuden aulkiak sartu egin ditu, berea ez eta beste guztiak. Barrara joan da eskatzera. Lucian Freud zenaren koadroetako emakume gizena etorri zaizu gogora. Kafea hartu, mahaitik altxa, hurbildu makal kuxindun etzalekura, etzan, eta berehala hartu du loak.

Jendeak barre egin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.