Arrunta, Sanchez, Ines, beste milaka eta milakaren artean bat, Espainiaren historia bere historiarekin gurutzatu zen. Arrunta, Sanchez Bravo, Jose Luis, 22 urte zeuzkan, eguneroko zurrunbiloan bueltaka nola akordatuko gara ba harekin, munduak ez daki ezer iraganaz, gaur larunbata da, atsedena behar du jendeak, larunbata zen 1975eko irailaren 27a ere, beti galdetzen diot nire buruari, zer egin ote zuen jendeak egun hartan, larunbata zen, Angel Otaegik ordubete zeraman gorpu Burgosen Jose Luis fusilatu zutenean Hoyo de Manzanaresen. Hilabete pasa zen atxilotu zutenetik, hilabete baino ez, 22 urte zeuzkan, unibertsitateko ikaslea zen, Frente Revolucionario Antifascista y Patriotako kide izatea eta Guardia Zibileko teniente bat hiltzea egotzi zioten eta goizeko bederatzietan fusilatu, Humberto Baena eta Ramon Garciarekin batera. Bartzelonan fusilatu zuten Jon Paredes Txiki. Bost lagun, goiz berean, bezperako Ministro Kontseiluak hala berretsita. Zein zeuden Ministro Kontseiluan? Nola sartuko dira historia liburuetan?
Zein akordatuko da Silvia Carreterorekin? Haurdun zegoen atxilotu eta torturatu zutenean, haurdun eta alargun geratu zen 1975eko irailaren 27an, Jose Luis hil zutenean.
Jira
Atsedena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu