Maitek ezkondu eta ama izan nahi du. Horra perpausa, sinple askoa. Gauzak garbi: Maitek ezkondu egin nahi du eta ama izan nahi du. Pentsatzekoa da, ordenari jarraitzera behintzat, lehendabizi ezkondu egin nahi duela eta gero ama izan. Pentsatzekoa da, gizartean nagusi den joera aintzakotzat hartzera behintzat, desioak ere ordena zehatzean datozkiola bati. Ikasiko duzu denborarekin: ordena oso gauza garrantzitsua da beti. Lehenengo ezkondu, senarra hartu, emazte bihurtu. Zer erakusten dute hiztegiek?
Emazte: emazteak kopa bat edan nahi zuen.
Senar: senarrak eraztuna eman zion.
Beraz, emazteak kopa bat edan nahi zuen, haserreren bat edo zaputz ugarietako bat ahazteko noski, eta senarrak eraztuna eman zion, banoa hemendik, baina Maitek ama izan nahi zuen eta azkenean adiskidetzea lortu zuten, baretu egin zen ekaitza, eta amodiotan aritu ziren, Maite haurdun geratu arte, ama izan nahi baitzuen kosta ahala kosta. Gauza normala eta naturala baita emakumeak ezkondu eta ama izan nahi izatea. Ez dakiguna da, inoiz, inon, gizonen batek aita izatea nahi izan ote duen.
Aita: aitak berrogeita hamar urte ditu.
Zorionak, aita, eta urte askoan. Zorionak ama, zorionekoak gu: ez zarete kabitzen hiztegian.
Jira
Ase arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu