Kontrasteak harritzen nau gehiena. Argiz eta soinuz eta hitzez eta irudiz eta aurpegiz eta ahotsez eta jendez beteta dago mundua gure pantailetan, bete-betea ageri da, berria berriaren gainean dator eguna, albisteak alde batera lagata ere, zenbat kontu berri dauzkazu egunero eskura, zenbat kantu, zenbat bideo, zenbat pelikula, zenbat liburu, zenbat erakusketa, zenbat gauza makina txiki horren baitan, zenbat argi, zenbat doinu, zenbat soinu, batetik bestera eman dezakezu eguna, jetzi eta jetzi, gorde eta gorde, hau irakurri, bestea entzun, mezu bat txiokatu, mundua bizi-bizi dagoela pentsatu, eta barruan zaudela zeu.
Kontrasteak harritzen nau gehiena. Makinaren tapa jaitsi eta pantailaren argia itzaltzean, begiak ez dira berehala egiten ilunera, denbora behar du buruak ingurua aztertzeko. Bere lekuan dago liburua, lo sakonean, etxeko giltzak gainean dituela. Ontziak daude harraskan; aulkian botata, atzoko arropak. Hautsa egin zaio telebistari. Ogia falta da bazkaltzeko. Postontzia hutsik, kalean hotz, ohiko ibilbide bera eginez iritsi zara jateko-dendara. Parkea hutsik dago, eguerdi artean ohi duen gisan. Telebista ari da hizketan ertzeko tabernan. Zerbitzariaren begiek ilun dagite.
Jira
Argiluna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu