Asko dira esaten ez dizkizudan gauzak, ama. Bizitza erdi bi egin eta zatirik kaxkarrena geratu zaidala iruditzen zait batzuetan. Beldur naiz, gaitzak datoz, minak, heriotza. Dena galtzen da. Zeinek esango ditu berriz zuen hitzak? Etxe atzeko parkean hazten jarraituko duen arren, ez da gehiago iluntzi-belarrik izango laster; inork ez du behar etxeak garbitzeko, botoi bati emanda ohe azpiak garbitzen dizkizun makinak daude orain, ama. Argazki zaharrak eta kaseteak aurkituko ditu nire ohe azpian. Alferrikako gauzekin zer egin erabakitzeko programatuta egongo da seguruenera. Dena galtzen da, ama. Umetan jolasean ibilitako lekuak ere galdu egin dira, aldatu egin dituzte; eta hala ere, gordetzen nuen oraindik herrira itzuli eta ezer aldatzen ez zen irudipena. Jada ez, ordea. Ez nizun esan, ezagun bat topatu nuen liburutegian. Mundiala dun Azkoitia, ez dun sekula aldatzen, esan nion, baina aspaldiotan, etortzen naizenetan, ez dinat inor ezagutzen. Orduan aldatu duk zerbait, erantzun zidan.
Eta bai, gauza asko aldatu dira; erabat mutildu da Asier, esate baterako.
Bizi legea da, badakit, baina niri legeak ez zaizkit gehiegi gustatu sekula.
Asko dira esaten ez dizkizudan gauzak, ama.
Jira
Aldatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu