jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Omenaldia eta justizia

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Munduko alkate onenak egin ez zuena, munduko alkate onenak egin nahi izan ez zuena, haren behin-behineko ordezkoak egin du. Ia hiru urte berandu, baina egin du: Bilboko Udalak Iñigo Cabacas omendu zuen atzo, udaletxean bertan. Ibon Areso alkateari eskertu behar zaio keinu instituzionala, udalak urteotan Cabacas familiarekin pilatu duen sentiberatasun eta gertutasun zorra kitatzen hasteko. Iñigo Cabacasen gurasoek, Manuel Cabacasek eta Josefina Lizeranzuk, behin baino gehiagotan salatu dute oso bakarrik sentitu zirela semea hil zenean, erakundeek «abandonatu» egin zituztela. Omenaldian izan ziren bazterrean utzi dituzten alderdi eta erakunde horietako batzuetako ordezkariak. Beste batzuetakoak falta ziren.

«Mendekurik gabeko elkarbizitzaren eredu» izan direla esan zien Aresok Iñigo Cabacasen senide eta lagunei. Elkarbizitzaren eredu baino gehiago, ordea, injustiziarena, babesgabetasunarena, bazterketarena, pazientziarena, min isilarena... dira.

Iñigo Cabacasi egin dakiokeen omenaldi onena kasua argitzea da, erantzuleak aurkitzea, erantzukizunak zehaztea eta zigorrak ezartzea. Aresok berak ere justizia eskatu zuen atzoko ekitaldian. Baina justizia ez Cabacasen gurasoengatik eta gertukoengatik bakarrik, auzia ez baita partikularra, kolektiboa baizik, gizarte osoari eragiten diona. Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak horrela ulertu eta jokatu ez badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.