Greziari diru gehiago uzteko, haren aldetik emaitzak nahi zituen Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak sortutako hirukoteak. Ari dira emaitzak iristen, baina ez dira troikak nahi zituenak: atzeraldia sakondu egin da —%4,5 erori zen iaz Greziaren BPGa, eta %5,5 izateko bidean da aurten—, milaka langile publiko kaleratzeak langabeen zerrendak handitu ditu —%15,2ra iristekoa da langabezia tasa aurten—, eta lehengoaren zein bigarrenaren ondorioz, defizita pixka bat baizik ez da txikitu: BPGaren %10,5etik %8,5era, Greziak bere salbatzaileekin hitzartu zuen baino puntu bat gutxiago. Besterik espero al zitekeen hainbat hamarkadatan gizendutako estatuaren egitura urte pare batean argaldu nahi izanez gero?
Baina orain arte botikak funtzionatu ez duen arren, errezetari eusteko asmoa du Europako Batasunak. Hurrengo asteotan diru gehiago utziko dio Greziari, eta arnasa hartuko du Atenasko gobernuak, noizbait sendagaiak efektua egingo duen esperantzan.
Hizpideak
Okerretik okerragora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu