Hizpideak
Ñabardurak
Z er esanik ematen ari da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz, adierazpenak direla medio. Hobe litzateke ekintza, urrats eta mugimendu positiboen bidez ematea zer esanik. Baina hitzak bere garrantzia du, ekintzen aurretik joaten ohi delako. Rosa Diezen hitz gogorrei aurre egin behar zien Barne ministroak. Ika-mika horretan, ETAren arazoak gaur egun «dimentsio politikoa» duela aitortu zuen ministroak. Aitorpenak oihartzun handia izan duenez, argitu behar du zer esan nahi zuen «dimentsio politikoa» aipatzean. «Garaipen politikoa» lortu beharraz ari zela zehaztu nahi izan du. Azalpen eta ñabarduren gainetik, aitorpena gelditu da. ETAren fenomenoari dimentsio politikoa onartzea gatazkaren izaera politikoaren zati bat onartzea baita. Zeharka bada ere. Hitz hartze parlamentario batean adierazitako hitz batzuetatik ezin da ondorioztatu PP gatazka politikoa onartzeko bidean dagoenik, ezta dimentsio politikoa lehenesteko prest dagoenik ere. Pentsa liteke, ordea, diskurtsoa egokitzen hasi dela, errealitateak behartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu