Hizpideak

'Katrina'-ren irakaspenak

Xabin Makazaga.
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Bihar beteko dira sei urte Katrina urakanak AEBetako kostaldea jo zuenetik, eta ia bi mila hildako eta milaka milioitako kalteak utzi zituen hondamendi hura oroitzapen beltz bat baino zerbait gehiago da estatubatuarrentzat. Izan ere, Ipar Carolinako kostaldea astintzen ari da atzodanik Irene urakana, eta nora begiratua badute AEBetako agintariek —eta herritarrek— babes neurriak hartzeko orduan.

George W. Bush presidentearen gainbeheran berebiziko garrantzia izan zuen Katrina urakanak, kanpoan etsaiak bilatzen eta herrialdeak inbaditzen aritu zelarik, ez zelako gauza izan bere herritarrak behar bezala babesteko. New Orleanseko dikeak haustea ez zen bere errua izango, baina, ez Katrina-k lurra jo aurretik eta ez ondoren, ez zuen maila eman.

AEBetako ekialdeko kostaldean larrialdi egoera ezarri dute, zer gerta ere, Irene urakana 160 km/h abiadurako haizeteekin iritsi delako lurrera. Agintariek bi milioi herritar baino gehiago behartu dituzte beren bizilekuak uztera. New York hirian bertan, 25 urtean lehen aldiz eman dute alerta urakanagatik, eta 370.000 bizilaguni agindu diete etxetik alde egiteko. Aireportu guztiak itxi egin dituzte, eta milaka hegaldi geratu dira bertan behera.

Askori gehiegizkoa irudituko zaio halako neurriak hartzea, eta pellokeria Barack Obama presidenteak «denborale historikoa» izango dela esatea, urakanak lurra jo aurretik. Baina Katrina ondo gogoan dute estatubatuarrek. Eta New Yorkeko alkateak argi hitz egin du: «Herritarren alde ezer gutxi egin dezakegu, ohartarazpenei kasu egin ezean jendea hil egin daitekeela esatea ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.