Hizpideak

Jokamolde berriak

Manifestariak, atzo, Donostiako kaleetan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Idurre Eskisabel Larrañaga.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Abuztuaren erdia izanagatik, opor garai bete-betea, milaka lagunek parte hartu zuten atzo Donostian Eleak mugimenduak antolatutako manifestazioan. Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat zen lelo nagusia, eta ildo horretatik joan ziren amaiera ekitaldiko aldarrikapenak.

Bereziki, biktimak izan dituzte gogoan: esaterako, ETAk hildako Juan Mari Jauregi eta Fernando Mujika, eta haien oroitarriek azkenaldian jasan dituzten erasoak arbuiatu zituzten; «aringarririk gabe», azpimarratu zuten. Baina «eskubide guztiak guztiontzat» leloa gogoan hartuta, Espainiako Poliziak hildako Iñaki Kijeraren, Jesus Garcia Ripaldaren eta Mikel Kastresanaren omenezko ikurrek jasandakoak ere salatu zituzten, baita biktima horien bazterketa ere. Funtsean, hainbat erakundek eta zenbait alderdik ETArenak ez diren biktimak onartzeko eta aintzat hartzeko jartzen dituzten eragozpenak.

Azken batean, jokamolde eta politika berriak eskatu dituzte Eleak-ek eta harekin bat egin duten milaka herritarrek, konponbiderako ezinbestekoak direlakoan. PSOEri eta PPri egin diete zehazki eskaera, eta irailean abiatuko den urte politiko berria jarrera aldatuta hasteko galdegin.

Halaber, jokamolde berriekin has dezakete datorren urte politikoa alderdi abertzaleek, baldin eta azaroaren 20ko bozetarako bat-egite proposamenak aurrera egiten badu. Abuztu erdia izan arren,bilerak eta harremanak dituzte hizpide, eta dauden epeak ez dira luzeak. Itxura batean, laster argituko da aurkakotasunean barik elkarlanean oinarritutako jokamolde berriak nagusituko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.