Hizpideak
Gizarteratzeko errenta
Atzoz geroztik, beste zerbait partekatzen dute Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak: lau lurraldeetan baldintza gogorragoak bete behar dira orain gizarteratzeko errenta jasotzeko. Eusko Legebiltzarrak azaroan onartu zuen gutxieneko sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen lege berria, eta, atzo, gizarteratzeko errenta berritua ontzat hartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Batean zein bestean, oposizioaren botorik gabe egin dute aurrera erreformek, eta gizarte bazterketaren aurka borroka egiten duten taldeen oposizioa gogorra izan da. Eskubideak murriztea, etorkinak baztertzea eta pobreak kriminalizatzea egoitzi diete Iruñerriko Langabeen Kolektiboak UPNri eta PSNri. Alderdi horiek argudiatu dute errenta garai berrietara egokitu behar dela, iruzurra eragotzi behar dela eta bazterketa «ez betikotzea» nahi dutela. Baina azkenaldian betikotzen ari direnak langabezia eta pobrezia direnez, egon daitezkeen iruzur kasuei aurre egiteak nekez justifika dezake eskubide horrekin zeken jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu