Hizpideak

Esperantzarik ezaren sua

Idurre Eskisabel Larrañaga.
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Tiroz hildako beste gazte bat, zauritutako hainbat, 536 atxilotu, arpilatutako ehunka saltoki eta erre zein txikitutako eraikin eta hiri ondasun ugari. Horiek dira joan den larunbatean Londresko Tottenham auzoan hasi eta Erresuma Batuko hainbat lekutara zabaldu den matxinadaren orain arteko ondorio ukigarriak.

30 urte atzera egin, eta 80ko hamarka- dan Margaret Thatcherren burdinezkogaraietan bizi izandako istiluak datoz gogora, The Clashen soinu banda atzetik dutela. Krisiaren aitzakian klase ahulenak zigortzen zituzten politikekin haserre atera ziren sasoi hartan gazteak kalera. Haserre beltza zen, amorratua, orduko no future lelo etsitik asko zuena.

Oraingoan ere haserreak atera ditu Londres eta inguruak sutan jarri dituzten gazteak kalera. Haserre beltza da haiena ere, hainbat herrialdetan zabaldu diren haserretuek erakutsi dutenaren aldean bortitza, amorratua, apurtzailea.

Ziur aski, M-15 eta tankera bereko mugimenduen inguruan batu diren klase ertainetako jendeek badutelako esperantza; haien haserrea eragingarri izan daitekeen ustea. Badute zer galdu, badute zer sinetsi, badute zer irabazi. Londresko matxinadan dabiltzan gehienak behe klaseetako gazteak dira, aldiz. Hala ohartarazi du Simon Woolley Operation Black Vote elkarteko buruzagiak: «Ez dute aukerarik, ez dute lanik, ez dute itxaropenik», nabarmendu du. Esperantzarik ez, etorkizunik ez: no future. Haserrea da daukatena. Galtzeko deus gutxi, irabazteko ia ezer ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.