andoni egana
HITZ ETZANAK

Iritsi

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Zarauzko ikastolako gela batean biltzen ginen. Bertsolarien Elkartea sortzear zegoen edo sortu berri zen ez dut gogoan. Urtero, urtarrileko azken larunbatarekin, bertsolari bat omentzen zen Donostian. Baziren ordurako hamabost bat urte hala egiten zela eta bertsolaririk ezagunenek eta edadetuenek izana zuten, bakoitzak berea, omenaldia. Urte hartarako nor izendatu eztabaidatzen ari ginela, ezagunenetarikoa ez zen bertsolari batek hartu zuen hitza: «Bueno... batzuk edadean aurrera goaz, eta omenaldiak binaka egiten hasten ez bagara, ez zaigu guztioi aukerarik iritsiko».

Hogeita hamar-hogeita hamabi urte dira. Eman zidan zer pentsatua orduan ere. Banidadearen alderdia ulertzen nuen, inor gutxi baita hortik libre. Arrotz zitzaidana zen hain argi eta kalkulaturik formulaturiko bukaera saihetsezinaren aipamena. Aurtengo Eguberrietan hor ibili da alkoholdun edari baten iragarkia. Urrun bizi den senitartekoarekin, oso noizbehinka ikusten dugun adiskidearekin, ikaskide izan genuen harekin... oraintxetik hil artean zenbat harreman-ordu geratzen zaizkigun kalkuluan oinarritzen zen. Eta ematen zuen zer pentsatua...

Ez banaka eta ez binaka, «omenaldi-egun» hura «bertso-egun» bihurtu genuen. Hartara, guztioi iritsiko ez zaigunaren beldurrik ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.