andoni egana

Igurtziak

2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Iruña-Veleiako zirku erromatarraren aurkikuntzaren berri lehen orrian. Azken-aurrekoetan, aldiz, «hil itzazue euskaldunak eta gringoak!» titularra, Juan Mario Basterra argentinarrak idatzi duen Tata Dios liburua dela eta. Herrien, zibilizazioen, kulturen... igurtzi eta tupustekoak, hizkuntzan ere aztarna uzten dutenak. Eta akaso ez gara hain petralontziak izan gu harremanean.

Guretzat, gauza bat zen latinez jakitea eta bestea latina jakitea. Miresmenez hartzen genuen latinez ez jakin arren latina zekiena. «Latina daki», esaten zen pikardiaz jokatzen zekienarengatik; malezia erakusten zuenarengatik; eskarmentua sumatzen zitzaionarengatik... Umeek ere jakin zezaketen latina. Ez genekiena jakitea ontzat geneukan.

Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan nagusiki estatubatuarrak izendatzeko darabilten gringo hitz hori nondik datorren bila ibili naiz. Badira bestelako teoriak ere —mexikarren eta estatubatuarren arteko gerran azken hauen batailoiak koloretan bereizten zirela eta berdeek eraso egin behar zutenean «green, go!» oihua entzuten zela—, baina, itxura denez, XVII-XVIII. mendeetan Iberiar penintsulan «griego» deitzen zitzaion hizkuntza arrotzean mintzo zen edonori. Eta nik, aukeran, nahiago dut latina jakin, inorentzat gringo izan baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.