andoni egana

Giltzak

2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Besaulki handi samar eta oso moderno horiek amorragarriak dira guztiz mugitu behar badira. Zati eta zati artean badituzte mila burdinazko tutu eta engranaje. Eta banekien han behar zutela, besaulkian, galdu berri nituen giltzek. Denbora eman genuen, altxatu pieza bat, mugitu bestea, pisutsuena arrastan ekarri... eta halako batean han azaldu ziren giltzak.

Baina ez ziren giltzak bakarrik azaldu. Besaulkia erabat mugitzearekin azaldu ziren lurrean, ogi-papur lehortuak, paper-punttak, zigarro erre gabe bat, botoi bi, pilaren bat... asteroko garbitu-paxadan azaltzen ez diren gauzak. Besaulkipean halako mundurik badenik ohartu gabe etzaten gara egunero gainean goxo.

Galdutako giltzek izan dezakete Parisko Olinpiar Jokoekin zerikusirik. Besaulkia bezala, hiria ere hankaz gora jarri beharra dago munduak ez dezan komeni ez denik ikusi. Parisen beraz, altxa dute besaulkia. Eta hiripean aurkitu dituzte hiru mila lagun etxegabeko, kanpin-dendatan txabolatan edo kalean lo egiten dutenak. Pasatu dute erratza. Atera dituzte besaulkipetik zakarrak. Jaso ez, baina urrundu dituzte bistatik. Orain berriz ere besaulkian lokartzeko prest gaude. Hurrengora arte. Besaulkipeko hori geuk sortua dela ohartzen ez bagara... justiziaren giltzarik ez dugu inoiz aurkituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.